Gure Ikastola
Gobela Ikastola eskola publikoa da. Zentro solidarioa gara, bere ingurune natural eta sozialean inplikatua, pertsonak balioetan hezten dituena eta giza prestakuntza eta prestakuntza zientifikoa eskaintzen dituena, bizitzan moldatzeko eta hurrengo hezkuntza-etapetan arrakasta-bermeekin jarraitzeko gaitasuna ematen diena.
Gobela Ikastola 60. hamarkadan sortu zen eta...1965ean Romo eta Areetako guraso talde batek euskera eta euskal kultura batetik eta marko pedagogiko berria bestetik oinarri edukiko zuen eskola abian jartzea erabaki zuen. Garai hartan, erdal eskola frankista nagusi zen, baina, inguruan, hasita zeuden honelako eskolak ere agertzen.
Hasiera batean, guraso taldearen kide batek Areetako Kale Nagusiko Muebles La Vizcaínaren gainean zeukan bigarren pisuko gela batean hasi zen klaseak ematen andereño bat 11 ikasleri. Handik hilabetera txandaka ibili ziren pisutik pisura. Familia eta ikasleak gehitu zirenez Romoko elizaren sotoetara aldatu ziren eta beste andereño bat kontratatu. Zoritxarrez, sarritan suertatzen ziren uholdeetan alperrik galdu zen ia dena eta sakristiara mugitu ziren.
1966-67 ikasturterako familia batek Gobela kalean, 16 eta 18 zenbakietan zuen txalet erdia alokatu zen eta, geroxeago, txalet osoa. 1968an, asko kostata eta lan handia eginez, legeztapena lortu zen “Gobela Ikastola” izenarekin. 1971 urtean Hezkuntzako Lege Orokorra onetsi zen (OHO ezartzen zuena) eta, txaletean lege horretan eskatzen ziren minimoak betetzen ez zirenez (patioak, geletako metro karratuak…), 5. mailatik aurrerako ikasleak Algortako ikastolara joaten ziren.
Bestalde, hasiera-hasieratik arazo ekonomikoa bertan zegoen, hain zuzen ere, ikastolaren filosofian herri proiektua izatearen oinarria baitzegoen. 135 kide-kolaboratzaile egon ziren arren ez zen nahikoa aurrekontuari betetzeko. Beraz, sistema aldatu zen: Aurrekontua eginda familia bakoitzak ahal zuena jartzen zuen izenik gabeko gutun-azal batean. Ez zuen funtzionatu. Hortaz, bestelako bideak aurkitu ziren:Udan, ikastolako patioan garagardotegi bat zabaltzen zen (lehenengo urtean 1.000.000 pezeta superabita lortu zen) eta taberna bat Romoko jaietan; irakasleek ez zuten kobratzen antzinatasun gehigarria eta, egin behar ez bazuten ere, kooperatibista eta seme-alaben kuotak ordaindu zituzten diru-laguntza publikoak jasotzen hasi zen arte.
Irakasle euskaldunak topatzea ere ez zen arazo txikia, alde batetik, gutxi zeudelako eta, bestetik, eskola publiko eta pribatuen lan eta profesio baldintzak nabarmen hobeak ziren; adibidez, ez zuten gizarte segurantzarik, soldata txikiagoak eta etorkizun iluna, laborala zein profesionala. Orduan hainbat plaza titulu bako maisu-andereñoekin betetzen ziren. Garai hartan irakasleek orduak eta orduak ematen zituzten lan materiala eskuz prestatzen, itzulpenak egiten, beste irakasle batzuekin biltzen, metodologiak egokitzen…
Gainera Guardia Zibila eta Polizia txitean-pitean agertzen ziren ikastolatik oztopoak jartzeko eta ez ziren arraroak mehatxuak, dei anonimoak… Ikuskariak behin eta berriro agertzen ziren titulu bako irakasleak harrapatzeko eta egiaztatzeko gaztelania irakasten zela, ikastolaren helburua zonaldeko euskaldunak gaztelaniatzea irakaskuntza elebidunaren bitartez zela pentsatzen zutelako. Zelatari izkina egiteko lanean ez zeuden irakasle batzuk euren tituluak maileguz ematen zituzten, gaztelaniazko horma-irudiak egoten ziren eta, gaztelania koadernoak, beti prest. Ikuskarien bisitak berdin amaitzen ziren beti: “Cuidado con las biribilketas” (eurentzako, euskal abestiak). Guzti honek, gehi ikasleen zalantzako etorkizun akademikoak familien egoera oso deseroso egiten zuten…, baina elkarlana indartu.
80ko eta 90ko hamarkadak
Gobela Ikastolako Lokarria aldizkaria zen 11. zenbakian (1989ko martxokoan) ordura arte izandako hiru lehendakariekin elkarrizketan (Félix Etxebarria, Xabier Landa eta Kike Bediaga) helburu nagusia definitzen da, hots: euskara eta euskal kultura oinarri edukiko zuen Euskal Eskola Publiko bakarra lortzea. Honetarako, ikastola eta eskola publikoen bateratze prozesuaren aldeko apustua egiten zuen Gobelak eta, bitartean, ikastolak doakoak izan beharko ziren.
1993ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak Sare Publikorako Konfluentzia Legea zabaldu zuen eta ikastolek aukera izan zuten sare publikora pasatzeko edo itunpeko sarean geratzeko. Momentu hartan indarrean zegoen Kooperatiben Legeak titularitate aldatzeko eskatzen zuen bi herenen gehiengoa saihesteko (izan ere, pentsatzen bait zen ez bazegoen itunpekoan gelditzeko gehiengo indartsu bat, zaila izango zela proiektuarekin aurrera egitea) akordio batera heldu zen aukera bien artean: Lehen bozketa batean aterako zen emaitza eramango zela bigarren bozketara denok aho batez (alde batekoek zein bestekoek) horren alde egin eta aktan jasotzeko. Sare publikoan sartzearen alde agertu zen Asanblada, baina kontsentsua apurtu zen. Geroztik bestelako bideak bilatzen hasi ginen eta 1995eko irailean sare publikoaren alde agertu ziren ikasle, guraso eta irakasleak, behin behinekoz, Artatza eskolan ezarri ziren ikasturte baterako. Bertan publifikatu zen Gobela ikastola behin betikoz eta 1996ko irailean, Getxoko Neguri auzora, Goierri kaleko 14.era, gaur egun kokatuta dagoen eraikuntzara, lekualdatu zen.